2014/10/30

XIVAREN MALKOAK

  

DBH3ko ikasleek irakurri berri duten eleberria

Edebé nobela sarian irabazle suertaturiko eleberri honek gazteen artean arrakastatsua izateko osagai guztiak ditu. Izan ere, Mallorquí idazle bartzelonarra eskaermentu handiko idazlea da, gazteentzat zein helduentzat idazten duena.

Hirurogeita bederatzigarren urtea da, Apolo XI ilargira iritsi eta gizakia lehen aldiz hango lurra zapaltzear zegoela; Javier 15 urteko protagonista madrildarra Santenderrera bidali dute hango senitartekoekin uda pasatzera, aitaren gaixotasun kutsakorra dela eta. Hango familia gainbehera etorritako XIX. mendeko aberatsen leinukoa da, eta dituen bitxitasun guztien artean bat da bitxiena: lau alaba dituzte, Rosa, Margarita, Violeta eta Azucena, zein baino zein bereziagoak. Oso giro egokia Javier bere oskoletik ateratzen hasteko, hain gustuko dituen zientzia fikziozko irakurketak pixkanaka atzean utziz. Areago, tartean fantasma bat baldin badago! Kasualitatez, bestalde, Javierren adin bereko ahizpa ere, Violeta, oso literaturzalea da, eta bien arteko elkarrizketak testuartekotasun ugariren aitzakia dira. Oro har, eleberriak etxetzarren eta goi-burgesen mundu helduezin batera darama irakurlea.

Ikuspuntuari dagokionez, istorioa Javierrek berak kontatzen du gaur eguneko ikuspegiarekin, helduaren begiradarekin. Baina gauzak hainbeste aldatu dira oso urte gutxitan! Perspektiba atzeratu horrek zenbait anakronismo eragiten ditu, istorioaren garaia narrazioaren garaiarekin nahastetik eratorriak. Esaterako, 162.orrialdeko komentarioa: "Gero konturatu nintzen (Gabrielek) batzuetan totelka egiten zuela hizketarakoan, hitzak trabatuko balitzaizkio bezala. Nesken bihotza samurtzen duen tik tipikoa, pentsatu nuen". Azken pentsamendu hori berrogeita zortzi urteko narratzaileari dagokio, noski, eta ez hamabost urteko eskarmentu gutxiko protagonistari.

Irene Aldasoren itzulpenaren bermearekin dator liburua, eta itzultzaileak ez dio erantzunkizunari iskin egin: oro har, oso ondo islatuta daude garai hartako giroa eta hizkuntza ohiturak.

ARRISKUPEAN!!

 


DBH2ko ikasleek irakurri berri duten eleberria


Peñaflorida institutuko bedela hiltzen denean, inork espero ez zuen misterio bat agertzen da ezustean. Bedela ez zen guztiek uste zutena: adineko gizontxo atsegin eta, azken batean, normala. Bedelaren iraganean enigma ikaragarria ezkutatzen zen, II. Mundu Gerran murgilduriko Europa erdiko armada eta polizia atzetik segika ibili zitzaizkionetik. Donostian ezkutatu zen, izena eta itxura aldatuz, eta ihes egin ahal izan zuen. Orain, ordea, hil ondoren, bere benetako nortasuna zein den zabaltzen da, eta nazioarteko zenbait taldek (eta ez nolanahikoak!: CIAk, neonaziek…) bedelaren sekretua eskuratu nahiko dute nola edo hala.

Misterioaren haria ezustean topatu zuten Peñafloridako ikasleek —«Bihotz Nahasiak» liburuko protagonistak, besteak beste: Isusko kirolzalea, Iban hackerra, Nerea zuhurra, Maitane eroa, Mutante irakasle xelebrea…—, beraien arteko hika-mika eta nahaste-borrasteekin nahikoa izango ez balute bezala, bat-batean hamaika arrisku saihestu beharko dituzte, eta ez bakarrik bedelak utzitako enigma nahasgarria argitu ahal izateko. Beraien bizia arriskupean izango dute uneoro, imajina zitzaketen arerio indartsuenen aurka, eta asmamena eta adimena biziki astindu beharko dituzte osorik jarraitu ahal izateko. Ez gutxi!