2012/01/30

AGATE DEUNA edo SANTA AGEDA

Santa Ageda1
Euskal Herriko hainbat txokotan ohitura errotua da Santa Ageda egunez (otsailaren 5ean) edo bezperan kopla kantari eskean irtetea.
Hirietan zein nekazal guneetan itxura arrunt ezberdina du usadioak; jaiaren muina berdintsua da, ordea, toki guztietan.
Makila luzeak esku artean, iraganetik jasotako kopla zaharrak ezpainetan eta eskean jarduteko hitz dotoreak airean... Santa Ageda bezpera.
 Bizkaiako, Gipuzkoako, Lapurdiko eta Nafarroako nekazal giro euskaldunetan, ohitura zaharra da etxez etxe kantari ibiltzea. Eta oso errotuta dago kantatu ostean eskean egitea ere. Dirua eskatzen da batzuetan, edo eta barrena asetzeko janaria eta edaria beste askotan.

Euskalduntasuna baserri girotik haratago eramateko irrikak hirigune urbano eta modernoetara ere eraman du azken urteotan usadio hori. Kasu guztietan xumea da, hala ere, jaiaren izaera. Kopla zaharrak kantatzen dituen abesbatza —lurraren kontra darabiltza kolpeka makila handiak —, bertsoak inprobisatzen dituen bertsolaria eta musikari bat edo bi. Besterik ez da behar Santa Ageda bezperako legea konplitzeko.

Kopla kantari
«Santa Ageda bezpera degu Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua duguna...». Toki bakoitzeko aldaerak aldaera kopla horrexekin bertaratzen dira aterik ate Santa eskean ari direnak.
Etnologoen arabera nekazari giroko negu gordinetan sorturiko ospakizuna da Santa Ageda bezperakoa, eta zenbaitzuk inauteriekin lotzen du- te. Makila handien hotsak zein Santa Agedaren ohorez egiten diren eta egin izan ohi diren hainbat ospakizunek, mundu ikuskera berezkoaren aztarnak gordetzen dituztela diote.
Etnologo batzuek gogora ekarri dutenez, esaterako, garai batean halako egunez Nafarroako hainbat tokitan tximiniak garbitu ohi zituzten. Nafarroako beste zenbait udalerritan, berriz, ohikoa zen zenbait herritarrek —emakume zein gizonezkoek— elizako kanpaiak jotzea.

Martiri sufritua
Hala ere, itxura batean nekez argi daiteke zergatik den Santa Ageda —«Agate deuna» hainbat koplatan— hain garrantzitsua Euskal Herrian. Izan ere, urruti jaio zen: Sizilian, 230. urtean. Kondairaren arabera kristau sutsua izaki, nahiago izan zuen martiri bihurtu, gizon fedegabe baten ezkontza proposamenari baiezkoa ematea baino. Diotenez, sufrimenduz beteriko amaiera izan zuen, bularrak moztu baitzizkioten.
Kantatzen diren kopletan haren azken arnasaren atariko torturak gordin-gordin kontatzen dira. «Lendabizi azotatu ta kendu zizkaten bularrak...», «Istanpatian estalizion gorputz guztia odolak»... Ohikoak izaten dira horrelako koplak, bai eta santuarekin zerikusirik izan gabe, herriko gorabeheren berri ematen dutenak zein eskea egitera mugatzen direnak ere.
Etnologo zenbaitzuk diotenez, koplak kantatzetik haratagokoak izan dira Euskal Herrian Santa Agedaren inguruan sortu diren hainbat sinesmen. Hala, garai batean nekazari girotan Agate Deuna mundura umeak ekarri berri zituzten emakumeen zaindaria izaten zela diote, eta ume jaio berriari esnerik eman ezin zioten amek santa horri eskatzen ziotela laguntza.

Garai bateko gizartearen ondare ia desagertua dira kontu horiek.


agate-deuna.bmp
Zorion, etxe hontako denoi!
1
Zorion etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.

3
Siziliako uharte ederrak
emana digu lorea.
Han jaio baitzan gure Ageda,
zorioneko gaztea.
Txikitatikan gogoz hartu zun
Jesukristoren legea.
Maitasun honek ekarri zion
bihotzeko poz betea.

5
Agedak bere maite bakarra
Jesus aukeratu zuan.
Horregatikan beste maiterik
ez zan harentzat munduan.
Kintzianoren eske guztiak
arrez baztertu zituan.
Baina agintarik gaizto harek
kristautzat salatu zuan.

7
Amorru biziz oinutsik jarri
dute Ageda zintzoa,
txingar gorien gainean gero
ibilarazi gaixoa.
Ondoren, bular bat ebakita,
uzten dute urratua.
Baina Jainkuak bihurtu zion
gau hartan bular mindua.

9
Mendi tontorrak elurrez zuri,
atai aldean laiotza.
Etxe hontako nagusi jaunak,
urrezkoa du bihotza.
Santa Agedak kendu digu gaur
eskean hasteko lotsa,
dirurik ez bada, berdin zaigu
gizendutako bildotsa.
2
Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratu deguna.
Santa maitea gaur hartu degu
gure bideko laguna.
Haren laguntzaz bete gentzake
egun hontako jarduna.

4
Edertasunez jaunak apaindu
zuan Ageda gaztetan.
Haren begiak izar bi ziran,
aurpegi gozo haretan.
Gizon gaiztoen grina zitalak
esna zitzakeen benetan.
Laster izutu zen Kintziano
Agedaren ederretan.

6
Emakume gaizto baten mende,
sartu zuten giltzapean,
Agedaren bihotz garbi hura
zikin ote zezakean.
Alperrik baina ahalegindu zen
andre lizuna lanean.
Honek esanak ez ziran sartu
Agedaren bihotzean.

8
Alperrik gizon gaiztoak zuten
oinazez erdi hilik utzi.
Jesukristoren maitasun hartan
ez zuna inola etsi.
Otoi gozotan gogoa isuriz
mundu hontatik ihesi,
zeruetako zori ederra
betiko zun irabazi.

10
Zelai erdian loreak argi,
larros, krabelin ta lili.
Etxe hontako etxekoandreak
Ama Birjina dirudi.
Etxe hontako urdaiazpiko
asko, kakotik zintzilik,
ta lukainka gorriak ugari
poltsa betetzeko guri.


Aintzaldun daigun Agate Deuna
1
Aintzaldun daigun Agate Deuna
bihar da ba Deun Agate
etxe honetan zorion hutsa
betiko euko al dabe.

2
Santa Ageda bezpera dugu
Euskal Herriko eguna
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua duguna.

3
Urnietatik etorri gara
taldean neska-mutilak
Santa Ageda omenez hartuta
soinuaz eta makilaz.
Bat, bi, hiru... Eup!!

2012/01/25

GABONETAKO IDAZLAN LEHIAKETAN SARITUTAKO LANAK

ZORIONIK BEROENAK IRABAZLEEI!!! Animo eta jarraitu idazten!!!
Aurten saritutako lanak ikusi, irakurri nahiz zure komentaketak egiteko sakatu izenburuaren gainean.

OLENTZEROREKIN 2011

DBH 1-2
DBH 3-4

2012/01/20

SAN SEBASTIAN EGUNA danbor hotsen artean!!!


Donostiarrek eta azpeitiarrek  gehien sentitzen duten eguna da. Hiriak 24 orduz eraldatzen dira, Sarriegi maisuaren musikapean danborrek eta upelek arrada egiten dutenean, bi hiri hauen historia jai-giroan eta modu koloretsuan gogoratzean. Donostian Konstituzio Plazan bandera igotzea eta jaistea dira donostiarrentzat une zirraragarrienetako bi. Merezi du hiriko kaleetan danborradetako bati jarraitzeak.

Donostiako Danborradaren Historia
Ez dakigu zehatz-mehatz noiz eta nola hasi zen Danborrada. Donostian zeunden hiru iturrietan euren txandaren zain zeuden bitartean, zerbitzariek eta euren laguntzaileek, langileek eta soldaduek sortzen zuten arradari egozten diote zenbaitek. Hala ere, hainbat daturen arabera 1836. urtean sortu zen Donostiako inauterietako konpartsa moduan, eta orduz geroztik tradizio gisa hartu zuten patroia ospatzea Donostiako kaleetan barrena ibiliz. Garai hartan Santesteban maisuaren zortziko martxa jotzen zuten, 1860. urtean Raimundo Sarriegik San Sebastian Martxa idatzi zuen arte.
Danborradako lehen partaideak egunsentian irteten ziren La Fraternal elkartetik eta kaleetan barrena ibitzen ziren goizeko 8ak arte. Ordu horretan Iñigo eta Narrika kaleen artean gelditzen ziren sokamuturra ikusteko.
La Fraternalen lekua Union Artesana Elkarteak hartu zuen. Ondoren, Euskal-Billeraren danborrada sortu zen eta beranduago danborrada gehiago antolatu zituzten Donostiako auzoetan.
Hasieran, partaideak mozorrotu egiten ziren arren, beranduago uniformeak janzten hasi ziren. Erabilitako lehen uniformeak Independentzia Gerran parte hartu zuten Gipuzkoako batailoienak kopiatzen zituzten, eta frantses estiloko jantzi militarrak ziren. Danborradan parte hartzen zutenen kopurua handitu zen neurrian, konpainia berriak bestelako uniformeekin hasi ziren jotzen.
Azken urteetan, hainbeste konpainia berri daudenez, uniformeak beste armada eta garaiak kontuan hartuta aukeratzen hasi behar izan dute. Dena den, kopiatzeko leialtasuna mantentzen da eta jantziak egiteko erabilitako materialen kalitatea hobetu da. Era berean, azpimarratu behar da sukaldariaren jantzi tradizionala ere erabiltzen dela.















Haur-danborradari dagokionean, Euskal Billerak (Mauricio Etxaniz) bultzatuta, 1927ko urtarrilaren 20an irten zen Donostiako kaleetan barrena haurrez osatutako lehen danborrada. Lortutako arrakastaren ondorioz ondorengo urteetan desfilatzen jarraitu zuen, antolakuntza-arazoen ondorioz 1960. urtean hiriko hainbat ikastetxetako haurren parte-hartzearen bitartez indartu behar izan zuten arte. 1961. urtean, Kultur eta Turismo Ekintzetxearen eskutik, 9 ikastetxek Euskal Bileraren Haur Danborradaren lekukoa hartu zuten, eta elkartearekin batera gaur egun ezagutzen dugun Haur Danborradaren lehen desfilea egin zuten: Igeldoko Zalditxoak, Euskal Billera, Marianistak, Bihotz Sakratua – Mundaiz, La Salle, San Ignazio Ikastetxea – Jesuitak, Eskola Frantsesak, Okendo Almirantearen eta Victoria Erregina Babes Etxearen ikastetxeak eta Real Sociedad Hípica.

Azpeitiko danborrada
Donostiako haur danborrada
Gaur egun 52 konpainia inguruk hartzen dute parte urtero urtarrilaren 20an hiriguneko kaleetan barrena egiten den desfilean.
Donostia iluntzean
San Sebastian martxaren doinuak Raimundo Sarriegik konposatu zituen. Hona hemen doinu horiek entzuteko aukera: